"Pozik gaude jende aldetik izandako erantzunarekin"
09-12-2007 ¦ Lekukom
Azokak eskaini eta jaso duen aniztasuna nabarmendu dute azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak, Euskal Editoreen elkarteak eta Diskoetxeen ordezkariak. Durangoko azokaren zuzendari Jon Irazabal “pozik” agertu da “Azokara etorri direnak asko izan direlako. Aurten ez da iaz bezala igarri, jende kopuru aldetik behintzat, egun jendetsuagoak edo ez hain jendetsuak. Egun guztietan egon da jende asko eta pozik gaude izandako erantzunarekin. Aurten, eguerdian ere, bazkaltzeko orduan, jende ugari ibili da erosketak egiten”.
Jende kopurua erosketekin lotuta egon dela nabarmendu dute bai editoreen elkarteko ordezkari Jorge Gimenezek zein diskoetxeen bozeramaile Angel Valdesek. Biek ala biek “urte ona” izan dela azpimarratu dute “urte polita izan da liburugintzari dagokionez eta espektatibak bete dira” esan du esaterako Gimenezek. “Eskaintza anitza da, ildo askotariko lanak izan dira aurten eta aniztasuna balio bilakatzea oso garrantzitsua da gurea lako literatura baten”. Ildo beretik egin du balorazioa Valdesek ere. “Inflexio puntu bat badatorrela dirudi. Izan dugun musika eskaintza ere oso anitza izan da eta jendeak era guztietako diskoak erosi ditu”. Bai liburuetan zein diskoetan aurten “salmenta handi bakar bat ez egon izana” era positiboan baloratu dute Gimenezek eta Valdesek. “Salmenta ere zabaldu” egin dela agerian utzi nahi izan dute.
Azokaren bueltan egin diren ekitaldiek arrakasta izan dute
Durangoko Azokak beste behin ere era guztietako ekitaldiak antolatu ditu eta “izan duten erantzuna azpimarratzekoa da” adierazi dute bai Azokaren zuzendari Irazabalek zein Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak ere. Lehenengoz egin den Durangaldeko musika taldeen kontzertuak izan duen harrera paregabea azpimarratu du Mujikak, bai eta Elkartegian egin diren aurkezpen, saio eta bestelako ikusizunek ere. Paiatarrek egin zuten “Oroimenaren Lupa” saioa, batetik, eta Durangaldeko Bideografik taldearen eskutik ikusi ahal izan zen “Psikoblok, Ur sakonetako bakardadea” dokumentala gogora ekarri nahi izan dituzte Gerediagakoek. Bide horretan, “Azoka sormenaren sustatzaile bidean egin duen apustuari eutsi nahi dio aurrera begira eta era horretako ekimenak bultzatu eta babesteko asmoa daukagu”. Elkartegian egiten diren ikuskizunen aldeko apustua sendotzen hasi da eta “geroz eta jende gehiagok parte hartzen du han egiten ditugun saioetan. Azokaren alde ludikoa eta ‘serioagoa’ uztartzeko aukera ematen digu eta bide horretan sakontzeko jarraituko dugu”, adierazi du Irabazabalek.
Elkarlana eta sariak
Sormenaren sustatzaile izateko bidean ere, beste literatura batzuekiko elkarlana bultzatzeko asmoari eutsi dio Durangoko Azokak. Georgiako literatura ezagutzeko aukera egon da aurten, hango idazleak gonbidatu baititu Gerediaga elkarteak. Era berean, Iparraldeko euskal sorkuntza aitortu eta saritu du Argizaiola saria Maiatz Elkarteari emanez.

