Durango Argizaiola Maiatz Aldizkariari emango dio Gerediagak gaur iluntzean
08-12-2007 ¦ Lekukom
"VII. Gauean Argi" kultura ekitaldia ospatuko da gaur bertan San Agustin Kultur Gunean. Iluntzeko 20:30ean. Iparraldean sortutako Maiatz aldizkariak, bere 25. urteurrenean, jasoko du Argizaiola saria.
“2007 Durango argizaiola” omen saria Maiatz Elkarteak jasoko du Gerediaga Elkartearen eskutik. Lehendabiziko Maiatz literatura aldizkariaren zenbakia 1982ko otsailean plazaratu zen, gaur egun 46.era heltzen delarik, urtean bi zenbaki agertuz. Iparraldeko idazle berrien biltzea eta laguntzea, euskararen berritzea eta gaurkotzea, batuaren bidean hainbat euskalkien ahozko literatura aberatsaren baliabideak sartzea, Euskal Herri osoko pizkundean partaide izatea, gai berriak jorratuz irudi gazte eta garaikidearen ematea, talde zabal baten helburu eta emaitza izan zen, 81eko udan egin bileretatik atera zena. Hainbat eskola, liburu azoka, mintzaguneetan ere kide dira, iparraldeko literatura bizi dela eta ekarpen sakonak egiten dituela erakutsi nahian. Elkarteak 25 urte bete ditu. Euskal Literaturaren bultzadan egindako lana omentzeko, aurtengo argizaiola Maiatz Elkartearentzat izango da.

