2007ko abenduaren 9a, igandea

"Zera... liburu baten bila ari naiz, baina ez dakit izenburua eta norena den ere ez... eta argitaletxea ere ez"

Azokaren informazioguneko kideek denetariko dudak argitu beharra izaten dute

img_Dec_09_2007_20_13

Epi, Esther, Alaitz, Izaskun, Mirentxu eta Inaki dira eta bost egun egin dituzte Durangoko Azokaren informaziogunean era guztietako galderak erantzuten, dudak argitzen eta askotan "erdi mirariak" egiten. "Gizon bat etorri zitzaigun ostiralean zera esaten: zera... liburu baten bila ari naiz... ez dakit izenburua... bueno, egilea ere ez dakit nor den... eta, argitaletxea? ez, hori ere ez dakit... Baina, oparitu egiten dutela esan didate... Kanpoaldean dauden eraikinen bistak dituela entzun dut".

Egon dira, baina "ohikogoak" diren galderak eta hainbat aldiz, dagoeneko berba berdinak errepikatuz, eman dituzten erantzunak: "Non dago euskal denda?". "Hor kanpoan dagoen tximini handiaren parean dagoen egurrezko zubia zeharkatu, ezkerretara egin, trenbidea pasa eta ezkerretara egin hurrengo kalean eta, Gaztetxearen parean, eskubira eta bertan dago.

Jakina liburuengatik ere galdetu du jendeak Euskal Liburu azokan. "La pesca con caña a corcho en la costa Cantábrica" liburuarengatik galdetu zieten lehenengo egunean "harrituta geratu ginen. Baina ondotik Los moruecos bildumagatik galdetu ziguten eta... Inoiz horrelakorik eskatuko zigutenik ere!".

"Gernikako Josebaren bila gatoz... Hemen erakus-mahaia jarri du eta ez dakigu non den". "Baina nor da Joseba?". "Ba, Joseba, Gernikakoa". Horrelakoak ere galdetu dizkiete.

Badira zer nahi duten oso argi dutenak ere, umeak batez ere. Gurasoei agintzen diete atetik sartu orduko norengana joan nahi duten, nor ikustera etorri diren eta zer eskuratu nahi duten. Hori esan digute informazio guneko kideek eta ordu batzuk egin dituzte bai ate aurrean azokaratu direnei harrera egiten.

Gaur, pixka bat flojotxoago, baina 8ak arte hortxe izango dira Epi, Esther, Alaitz, Izaskun, Mirentxu eta Iñaki. Seiei eskerrik asko!!!! Zuen azalpenak, askotan mirari txikiak izan dira.

Bidaltzailea: Desplazatua. 10:24 Atalak: Azoka Giroa | Permalink