University of Deus unibertsitateak edo Deustako Unibertsitatea (gustuen arabera)"Inkomunikazio Tekniari Maila" lortu dudala-eta, Laster Master inkomunikazio ikastaro azkarraren ziurtagiria eman didate Unibertsitateko Horroris Kausa Antton Olariagak eta Kike Amonarrizek eta "puto bekario" Asisko Urmenetak.
Zazpiak Batman taldeko kideak Durangoko Azokan izan dira gaur "Laster Master" ikastaro trinko eta azkarraren azkeneko saioa ematen. Eta, zortekoa neu! Han izan bai naiz!
Bota-nika teoriaren arabera, galdera egitea da garrantzitsuena inkomunikazioaren barruan. Olariagak berak azaldu duen moduan, galderak sortzen du inkomunikazioa: sasoi bateko kontuak diren arren, "jango al diau galdetu ei zion Evak Adani, baina Jainkoa begi handia da, ez belarri handia eta galdera ez zuen behar bezala aditu, handik datorkigu inkomunikazioa; izan ere, eingo al diau galdetu zion Evak Adani". Horra bada, inkomunikazioaren lehenengo teoria.
Urmeneta bekarioaren iritziz, ordea, inkomunikazioa gure buruaren ezagutza ezak eragiten digu. Izan ere, gutako bakoitza animalia bat da eta onena dugu, bere gomendioz, ordenagailu itzali eta beheko tabernara jaitsi, gure barruko ikuilua askatzera.
Amonarrizek begiak zabaldu dizkigu: gure euskal herri honetan gehien praktikatzen dugun kirolak "billeritis" izena du. Horra beste egi handi bat! Eta horri aurre egiteko "bilera-bingoa"ren teoria erakutsi digu. A ze bakea! Aurrerantzean neu ere bilerara noiz deituko zain izango naiz! Hauxe teoria: bilera arduradunari ez beste kide guztiei banatu berbez osatutako taulatxoa eta hizlariak hitz hoiek esan ahala markatzen joan bingoa osatu arte; bikaina da!
Inkomunikazio masterrean izan da, baina bestelako teoriarik ere: Erasmuslogia-edo, izeneko teorian oinarritua izan da. Begoña Etxeberria australiar euskaldunak asmaturikoa da. Euskal Herrira etorri zen lehenengo aldi hartan parean topatu zituen bide-seinale eta hormirudietako gazteleratik euskararako itzulpen "okerrez" osatutako mezuek eragindako zoramenean oinarritu du bere teoria. Bakar bat aipatzearren (mezuetan azkenekoa izan dena): ospitalera joan behar izan zuen Begoñak halako baten eta hantxe irakurri zuen "Ertzaintzaren harrera", hau da, "recepción de enfermería". Harrezkeo Begoña pozik bizi da bere zoramenean eta itzultzaileak terapiari esker bizi dira. Gora inkomunikazioa!

Trackback-ak
Hona bidali trackback erreferentziak:
http://www.durangokoazoka.com/bloga/65/tbping
Trackback-ik ez dago.