Fredi, Xabier eta Itsaso; ama beraren seme eta alaba: bertso eskolara joateko baimena eskatu zuen lehenengoan eta hirurak bertsolari egin dira gero. Gaur ezagutu dugu istorioa Xabierrek azaldu duen moduan, "Bizkaiko txapela irabazi nuenean familiaren esaltazioa egin nuela leporatu zidan Fredi anaiak. Baliteke, baina azaldu egingo gura dugu gaur zerk eraginda izan zen". Azkenekoa izan da, azkeneko kopla amak eta 11 urte zitueneko Frediren arteko elkarrizketarekin hasi den kopla sorta. Aurretik ordu eta erdiko saioa eskaini dute hirurek, Azokarako prestatu duten Oroimenaren lupa izenburupean. Kopla, pianoa, trabeseko flauta, biolina, panderoa, gitarra, soinua. Guztiak jo dituzten hiru neba-arrebek gaurko saioan. Elkartegia lepo zegoela aritu dira eta hara batutakoen harridurarako Unai Elorriaga, urruneko lehengusua-edo, igo da taula gainera Gaudiri, Azkueri eta Verdiri abestera "hirurak ere oso modu bereziak hil zirelako", Elorriagak azaldu duenez. "Xabier Amurizari doinua lapurtu diot kopla hauetarako eta, Xabier, hor ikusten zaitudala, barkaitukoidazu", esan dio bertsolariari.
Bertsolariek abeslari sena badute, baina (nire iritziz beti ere) ez dute maiz abeslarien ahotsik izaten. Eta hala ere, aspaldi honetan asko dira koplarien musika taldea sortzera animatzen direnak (azkeneko esperientzia Gu eta Gutarrak izan da, Unai Iturriaga eta Igor Elortza tarteko).
Baina gatozen gaurko saiora: Bitxia izan da saioa, luze samarra agian, baina elegantea. Gai askotarikoak abestu dituzte, guztiak ere oroimearen bueltan. Oroimina izan da horietako bat: ahaztu nahi eta oroitzen ditugunetaz aritu dira. Ziur asko bat baino gehiago identifikatuta sentitu da koplekin. Aitak ama jipoitzen duen eta ihes egiteko erabakia hartzen duen Urkoren amaren historia ere abestu dute eta Algorta lagun Joseba atxilotuari gutuna ere irakurri ditu Itxasok; aurretik Fredik herrietako tabernetan hutsik egoten diren aulkiak ekarri ditu gogora eta Maurizia zenari ere omenalditxoa egin diote, Iurretako Tilinok emandako laguntza eskertzez batera. Baina azokaren aurtengo gaia Umorea dela hizpide hartuta, gauza serioen tartean umore koplak abestu dituzte hirurek ere. Aipatzekoa, hango giroa hain beroa izatearen arrazoi izango ote zen, Itxasok abestu dituen "ligeen" ingurukoa. Handik aurrera, beti ere banaka, jantzietako bat gainetik kendu dugunok asko izan gara.
"Oroimenaren lupa" saioa Durangon estreinatu dute Paiatarrek, baina susmoa daukat Euskal Herrian barrena eramango dutela neba-arrebek; hortaz, adi eurek aldarrikatzen duten "euskal kultura librearen" hurrengo hitzordura.
