Azokaren historia
Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka 1965ean egin zen. Gerediaga Elkartea sortu berriak antolatu zuen lehen ekitaldietako bat izan zen. Helburua, frankismoaren diktadurapeko urte haietan, Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea. Helburu nagusia hori bazen ere, euskalgintzan jardunean zebiltzan sektoreen topalekua izatea ere lortu nahi zuten Gerediaga Elkartekoek.
Lehenengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka Andra Mariko elizpean egin zen eta abenduan ezik, zemendiaren 1ean, Domu Santu egunez antolatu zen. Garai haietan Andra Mariko elizpean Durango eta inguruko baserritarren produktuen merkatua egiten zen larunbata goizetan. Inaugurazio ekitaldia larunbata izan zen eta azoka egunean ere merkatua egin zen. Merkatua amaituta, bizpahiru ordutan egin zen arratsalderako inaugurazio ekitaldirako muntaia guztia. 19 parte hartzaile izan zituen hasierako Azokak.

Azoka elizpean. FotoSOL.
Odorengo urteetan, 1974. urtera arte, Andra Mariko elizpean egin zen urtez urte Azoka. Urtebeteko etenaldiarekin, baina. Izan ere, 1967. urtean ez zen Azokarik egin. Andra Mari elizan konpontze-lanak egin ziren eta baldintza egokietan ezin zitekeen ezer antolatu. Horregatik ez egitea erabaki zuten.
Hasieretako edizioetako Azokak zelangoak ziren jakiteko hona hemen datu batzuk:
- I.Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren aurrekontua 100.000 ptakoa zen.
- 1966. urteko Azokan lehenengo egunean 680 liburu eta 179 disko saldu ziren.
- 1968. urtean, Euskaltzaindiak Bertsolarien txapelketaren finala Durangon egin zuen.
- 1969. urtean, 22 saltoki ipini ziren eta 870 liburu titulu eta 138 disko salgai ipini ziren.
Andra Mari elizpetik Merkatu plazara
IX. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka ez zen egin Andra Mariko elizpean. Ordurako apal-apal hasitako Azokak urtez urte gero eta jende gehiago erakartzen zuen Durangora. Eta hori ez zen sasoiko gobernadore zibilaren gustokoa. Hasieratik traba handiak ipini zizkien gobernadoreak Azoka antolatzeaz arduratzen zen Gerediaga Elkarteko kideei. Eta, 1974. urtean, arrazoi erlijiosoak aipatuta, Andra Mariko elizpean egitea galerazi eta Merkatu plazan egiteko aukera eskaini zuen.

1974-1996 bitartean, azoka merkatuan egin zen. FotoSOL.
Erabaki hura txarrerako baino hoberako izan zen. Andra Mari elizpe iluneko hotza, haize korronte, eta hezetasunaren ordez, leku argiago, eroso eta epelago batera egin zen aldaketa.
Merkatu plazan egin zituen urterik gehienak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. 1974tik 1996. urtera arte hain zuzen.
Denbora tarte horretan, Gerediaga Elkarteak hiru urtez jarraian Euskarazko Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen.1986etik 1988enera izan zen. Baina saiakera horrek ez zuen izan antolatzaileek espero zuten erantzuna eta ez zen gehiago egin.
Eta denbora tarte horretan Azokaren historian beste aldaketa garrantzitsu bat ere izan zen. Hasierako edizioak Domu Santu eguneko jai eguna aprobetxatuta antolatzen hasi ziren. Baina 1980. urtetik aurrera abenduan egitea erabaki zuten.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, liburu, disko eta beste argitalpen batzuen erakusketa eta salmentarako sortu zen. Liburuak euskaraz edo erderaz idatzita egon daitezke, baina erderazkoetan, beharrekoa da euskal gaiez jardutea. Disko arloan, berriz, euskara da onartzen den hizkuntza bakarra. Musika hutsez osatutako diskoetan, baina, euskal musikarien lanak izanten du bakarrik lekua Azokan.
Karpak eta Landako Erakustazoka
Gerediaga Elkartearen lanaren emaitzaren ondorioz merkatu plaza ere ez zen nahikoa izan eta 1996. urtetik Durangoko leku ezberdinetan karpak altxatu eta Azoka karpapean egin ondoren , 2003. urtetikEuskal Liburu eta Disko Azokak orain, behin betiko kokapen duina du Landako Erakustazokan.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 39. edizioa (T. Angoitia). 2004. urtea.
Gaur egungo azoka, abenduaren 8aren inguruan izaten dena, ez da liburu eta disko azoka bat soilik. Abenduko egun hauek euskaldunen urteroko zita edo topaleku izatera heldu da. Bertan biltzen dira mota guztietako idazleak, abeslariak, irakurleak, pertsona nagusiak, gazteak, gizonak, emakumeak... Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskera eta euskal kulturaren erakustoki erraldoi eta gure kulturaren jai nagusi bihurtzen da urtero abenduaren hasieran.
