Gerediaga Elkartea

Durangaldearen ondarea eta kontzientzia komuna berreskuratzeko eta indartzeko asmoz sortu zen Gerediaga Elkartea 1965ean. Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea hartu zuen izena orain 41 urte eta harrezkero Durangaldeko Merinaldeko ondare historiko-artistiko-kulturalean lan egin du.

Sortzaileen taldean honako izen zerrenda hau aurkituko dugu: Luis Mari Altzibar Arrinda, Mª Rosario Astola Sertucha, J. Mª Astola Sertucha, Mª Arrate Salazar Sarasua, Vicente Capanaga Tototricaguena, Jesús Astigarraga Eizaguirre, Julian Berriozabalgoitia Bilbao, Carmen Miranda Subieta, Mª Concepción Astola Sertucha, Salvador Solaegui Ispizua, Jose Luís Lizundia Askondo, eta Leopoldo Zugaza Fernández.

Gerediaga Elkartea

Gerediaga Elkarteak Merinaldean aintzina erabiltzen zen antolaketa hartu zuen barruko antolakuntzarako. Durangaldean aintzina elizate eta urietan banatzen zen. Ordezkaritza horrek autonomia osoa zeukan jarduera kontuetan, diru sarrera eta horrelakoetan. Bozketa bidez Elkarteko bazkideen artean aurkeratzen ziren ordezkaritzak.

Hortaz, Gerediagak, ildo horri jarraituz, Durangaldearen ohiko egitura berreskuratu zuen eta tokian tokiko delegazioak sortu zituen Durangaldeko antzinako elizate eta urietan. Ikuspegi zabala lortu du antolaketa horrekin eta kultura talde sozial indartsua eratu zuen.

70-80ko hamarkadetan, Euskal Herriaren egoera sozio-politikoak eraginda, Gerediagak hainbat egiteko hartu zituen beregain eta bestelako ekintzatan ari zirenen elkargune bihurtu zen: alfabetatze taldeak, ikastolen aldekoak, herri eta auzoetako jai batzordeak, dantza taldeak, antzerki taldeak… Gerora talde horiek beren bidea egiten hasi ziren eta horren adibide dira AEK, dantza taldeak, Euskal Dantzarien Biltzarra eta Geroa antzerki taldea.

Gerediaga elkarteak 40 urtez Durangaldeko ikerketan laguntzen eta sustatzen lan handia egin du. Eta euskal kulturaren arloan ere ezaguna egin da batez ere Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka dela eta.

Baina, aurrerago aipatu denez, Azokaz aparte, bestelako egitekoei aurre egiten diete eta urtean zehar hainbat ekintza diferente antolatzen ditu Gerediaga Elkarteak.

Gerediaga Elkartea

Hona hemen laburtuta horretako ekintza eta zeregin garrantzitsuenak:

Kultura ondarea: babesa eta zabalkundea

Sorreratik Gerediaga Elkarteak jarrera berezia agertu du gure eskualdeko kultur ondarearen alde. Lan hauek arlo bitan banandu ahal ditugu. Batetik ondareek behar duten babesaren aldeko lanak burutuz eta bestetik gure eskualdeko ondarearen ikerketa eta zabalkundea bultzatuz.

Durangaldeko dokumentategia

Durangaldeko Dokumentategiak honako hau dauka helburutzat: Durangaldeko herrien edozein gairi buruzko informazioa batzea, informazio hori datorren euskarria (aldizkari, egunkari, DVD...) edozein izanda ere.Behin informazio hori bildu eta antolatu ondoren, hura kontsultatu beharra daukan edozeinen esku jartzen da.

Dokumentategian sail berezia osotzen du argazki artxiboak. Merinaldea osatzen zuten 13 udalerrietako antzinako eta gaur egungo argazkiak biltzen dira.

Argitalpenak

Eskualdeari buruzko liburu, liburuxka, aldizkariak eta abar argitaratzen dira urtean zehar. Danetarikoak argitaratzen dira: eskualdeari buruzko lan orokorrak zein herri edo eraikuntza edo gertakizun zehatz bati buruzko materialak.

Erakusketak

Alde batetik arte eta kondairarekin zerikusia duten erakusketak eta beste alde batetik argazki zaharren edo lehenagoko argazkilariei buruzko erakusketak antolatzen dira.Erakusketa hauen helburua eskualdeko gertakizun historikoak edo gure eskualdeko kultur ondarea ezagutzera ematea da eta argazkigintzako kasuan beste garai batzuetako ohiturak, gizartea, paisaiak, eraikuntzak eta abar erakustea.

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa 1967. urtean Mañariako elizatean ospatutako lehen ediziotik urtero Durangaldeko elizate edo uri baten ospatzen da.Euskal Herriko txapelketa da eta bertan Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko txapelduna eta txapeldunordeak parte hartzen dute. Txapelketak, Txapelketa Ofizialaren izendapena jaso du Eusko Jaurlaritzatik.

Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna

Durangaldea da “dantzari dantza” edo “ezpatadantza” izenarekin ezagutzen diren dantzen lurraldea.XIX. mendeko bukaerako hamarkadetan gure eskualdeko sei herritan bakarrik irauten zuten dantza hauek: Iurreta, Garai, Berriz, Abadiño, Izurtza eta Mañariako elizateetan. 60ko hamarkadan dantza hauek galtzeko zorian zeudela konturatuta, berreskuratzeko ahalegina egin zen eta 1967. urteko irailean Iurretako elizatean antolatu zen lehen “ezpatadantzari eguna”. Harrezkero, urtero, Durangaldeko herri batean ospatzen da jaia.

Gerediaga Elkartea

Merinalde Eguna

Abenduaren 27an, “Merinalde eguna” ospatzen dugu. Egun honetan, Durangaldeko alkateek Gerediagako baseliza aurreko foru zelaian 1875.eko abenduaren 27an egin zuten Merinaldeko azken batzarra gogoratzen dugu. Hurrengo urteko uztailaren 22an kendu zituzten foruak eta gure eskualdeko berezko erakundeak desagertarazi zituzten.

Informazio gehiago Gerediaga kultur elkartearen webgunean.