Argizaiola omen-sariak
Gerediaga elkarteak 1992.urtean beste garai batzuetan zenbait pertsona eta erakundeek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko "Durangoko argizaiola omen-saria" ematen hasi zen, berba bitan esateko "gauean argia" izan zirenei eskerrak emateko. Sari hau Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka-n ematen da urtero.
Argizaiola 2008: Juan Zelaia
Juan Zelaia Letamendi 1920. urtean jaio zen Oñatin. Enpresa gizona da, baina kulturak eta bizi duen gizarteak kezkatzen duela erakutsi du beti. Ingeniari doktorea da. Familiarteko enpresa ardurak hartu ditu: Cegasa, Tuboplast eta Hidronor, besteak beste.
Interes berezia erakutsi du beti kulturaren munduaz. Ekimen askoren sustatzaile eta laguntzaile izan da. Batzuk aipatuta, ikastolak bultzatu ditu, 1974an Everestera egin zen Tximist espedizioan lagundu zuen, Euskal Fundazioaren sortzaileetako bat izan da, eta bere izena daraman saiakera saria babesten du.
Sariak ere hainbat eskuratu ditu. 2000 . urtean Eusko Jaurlaritzak Lan Onari goraipamena eman zion, 2002an Abbadia Saria jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, 2008. urtean Jimeno Jurio saria ere jaso du.

Gauean argian proiektutako irudia.
Argizaiola 2007: Maiatz Aldizkaria
Maiatz 1901eko legediaren saileko elkartea da, 1981eko abenduan deklaratua. Lehendabiziko Maiatz literatura aldizkarariaren zenbakia 1982.eko otsailean plazaratu zen, gaurregun 46.era heltzen delarik, urtean bi zenbaki agertuz. Iparraldeko idazle berrien biltzea eta laguntzea, euskararen berritzea eta gaurkotzea, batuaren bidean hainbat euskalkien ahozko literatura aberatsaren baliapideak sartzea, Euskal Herri osoko pizkundean partaide izatea, gai berriak jorratuz irudi gazte eta garaikidearen ematea, talde zabal baten helburu eta emaitza izan zen, 81eko udan egin bileretatik atera zena. 1984 urtean lehendabiziko liburua, Itxaro Bordaren "Bizitza nola badoan" argitaratu zen eta geroztik 60 obra kaleratu dira.
Luzien Etxezarreta Maiatzaren izenean.
Argizaiola omen-saria 2006: Jakin Aldizkaria
Mende erdi bete ditu aurten Jakin Aldizkariak, 50 urte. Euskara eta kultura uztartzea izan da beti aldizkariko lan-taldearen kezka eta euskara edozein gairen gainean hausnarketa egiteko tresna izatea ere bilatu dute.
Arantzazuko frantziskotarrenean, 1956. urtean, ikasle talde batek sortu zuen Jakin Aldizkaria. Batez ere, irakaskuntza gaiak jorratzen zituzten eta askotan erlijiosoak. Baina, Jakin Arantzazun jaio arren, bertako seminarioko ikasleentzat ezezik, kanpokoentzat ere egiten zen.

Jakin aldizkariak Durangoko Azokan.
Aldizkariaren lehenengo eraldaketa garrantzitsua 1967. urtean izan zen. Seminarioko ikasleen aldizkari izatetik, publiko orokorrarentzat aldizkari izatera pasatu zen eta eredu moduan, Frantziako "Esprit" aldizkaria hartu zuten. Bigarren garai honetan, bestelako gai batzuk ere garrantzia hartu zuten aldizkariko edukietan. Gai kulturalak, sozio-politikoak, ideologikoak etabar lantzen zituzten.
Diktadura garaia zen eta aldizkariak ateak itxi behar izan zituen hamar urtez, debekuak tarteko. Hamar urteko isilaldiaren ostean, 1977an berriz kaleratu zen Jakin. Debeku aurretik eta osteetako urteetan, Joan Mari Torrealdai izan da aldizkariko zuzendari.
Harpidedunak 2.300 eta 6.000 irakurle inguru ditu aldizkariak. Gaur egun hiru lerrotan banatuta dago aldizkariaren zeregina: batetik aldizkaria bera dago, liburugintzan Jakin irakurgaiak nabarmendu daitezke eta azkenik, lan bibliografikoa XX. mendeko liburuen katalogoarekin.
Argizaiola omen-saria 2005: Gotzon Garate
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 40. urteurreneko argizaiola omen-saria "Gauean argi" izenburua duen ekitaldian eskaini zitzaion Gotzon Garate idazleari. Ekitaldia, urtero legez, San Agustin kulturgunean egin zen, abenduaren 8an gaueko 20:300etan.

Gotzon Garate Deustuko Unibertsitatean.
Gotzon Garate Goihartzun jauna Elgoibarren jaio zen 1934. urtean. Durangoko Jesulagundiaren ikastetxean egin zituen batxiler ikasketak. Garai honetan, berak dionez, hartu zuen euskal kontzientzia eta euskeraren aldeko jarrera. Eta bizitzan zehar lan oparoa egin zuten euskararen alde.
Bederatzi hizkuntza dakizki eta munduan zehar asko bidaiatu du Gotzon Garatek. Ikasketak ere hainbat egin ditu: Filosofian doktore Madrilgo Complutense Unibertsitateak, Teologian lizentziatua Insbruckeko Unibertsitatean, Filologia Erromanikoan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta Marxismoan espezializazioa Friburgoko Unibertsitatean
Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia karrera sortu zuen 1978an. Euskal gaien ganean makina bat idazlan eta iritzi artikulu idatzi ditu. Nobela poliziakoak, ipuinak, bidaia kronikak... egindako lana beti euskaraz egin du. Idatzitako lehenengo liburuak ere, marxismoari buruzkoak, euskaraz idatzi zituen.
Euskal atsotitzak eta esamoldeak batzen egin duen lana ere zor diogu Gotzon Garaterik. Atsotitzak 27.173 jaso zituen "Atsotitzak. Refranes. Proverbes" liburuan. Esamoldeak, berriz, 36.000 batuta ditu liburua osatze aldera.
José Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi", (Donostia, 1929). (2004ko argizaiola)
Hizkuntzalari, idazle, pentsalari, irakasleari eman zitzaion. Euskararen autodidakta, gazte mugimendu abertzalearen kide, Iparraldean iheslari, euskara eta Euskal Herria bere bizitzaren eta lanen ardatz izan ditu. Euskara batuaren aldeko lan izugarria egin du eta euskal literaturan hain garrantzitsuak izango ziren eleberriak idatzi zituen ("Leturiaren egunkari ezkutua", "Peru Leartzako" eta "Elsa Scheelen"). Txillardegi, Igara, Usako eta Larresoro izengoitiak erabili ditu idazlanetan. Baina Txillardegi izan da ezagunena. Bere lana funtsezkoa izan da euskal eleberri modernoaren sorreran. Europako mugimendu existentzialistarekin lotu zuen euskal literatura ("Leturiaren egunkari ezkutua", "Peru Leartzako" eta "Elsa Scheelen").

Txilardegi Argizaiola saria jasotzen 2004ko edizioan, Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria alboan duela.
Gerardo Bujanda (Donostia, 1919). (2003ko argizaiola)
Euskal irratigintzari omenaldian Loiola irratiko sortzaile Gerardo Bujandari eman zitzaion saria. 1960an sortu zuen Loiola Irratia beste hainbat lagunekin batera. 1965ean Radio Euzkadi Venezuletatik emititzen zenean berriemaile aritu zen, Juan de Igeldo ezizenarekin. EAJ alderdian aritu zen eta 1977ko hauteskundeetan Madrilgo kongresurako Gipuzkoako hautagai izan zen.
Labayru ikastegia. (2002ko argizaiola)
Bere 25. urteurrenean Labayru ikastegiak jaso zuen argizaola saria. Labayru Ikastegia Bilboko Elizbarrutiko fundazio kanonikoa da, eta ekimen pribatuz sortu zen 1977ko otsailaren 23an, "Euskal Kulturaren berariazko balioak aintzat hartu eta eurei aurrera eragitea", eta, ondorioz, "egokitzat daukagu kultura hain aberatsa eta apartekoa da honi, baina era berean laguntza premia hain handian dagoenari, geure oneretxiaren agiri barri bat emotea" helburu dela, Antonio Añoveros Bilboko gotzain jaunak adierazi zuenez. Estanislao J. de Labayru (Filipinak, 1845 - Bilbao, 1904) izena eman zitzaion Ikastegiari -abade eta historialaria izan zen Labayru, Historia General del Señorío de Bizkaia lan handiaren egilea batez ere-.
Juan San Martin (Eibar, 1922-2005). (2001eko argizaiola)
Lehenengo idazlanak mendiari buruzkoak izan baziren, Eibarko Kirol Elkartearen buletinean, 50eko hamarkadan, Anaitasun eta Euzko Gogoa aldizkarietan kultura hartu zituen idazgai. Egan aldizkariko zuzendaria ere izan zen, 1983tik 1989ra. Otsalar goitizenenarekin 60ko hamarkadan euskal poesigintzan erreferentzia izan zen. Bere lehenengo liburua, 1959an argitaratu zuen: Juan Antonio Mogelen bizitzari eta obrari buruzkoa. 1957an Euskaltzaindiko urgazle izendatu zuten eta 1964an euskaltzain osoa. Akademiako idazkari izan zen 1967tik 1978ra. Arantzazuko Batzarrean (1968) Koldo Mitxelenak euskara baturako proposatu zuen bidearen defendatzailea izan zen. 1988an Euskaltzainburu-orde izendatu zuten, baina kargua utzi zuen Ararteko hautatu zutelako. 1994tik 1995era Europar Ombudsman Erakundeko buru izan zen eta Arartekoa utzi. 2005ean Eibarko Udalak herriko seme kuttun izendatu zuen.
Klaus F. A. Niebel (Berlin, 1937). (2000ko argizaiola)
1960an gaztelaniaz ikasten hasi zen eta Gernikara etorri zen bere jaioterritik hizkuntza horretan sakontzeko asmoz. 1975a geroztik Gernika udako txoko bihurtu zuen, tartean hainbat bidaia egin zituen eta Bizkaiko herri historikora. Euskara ikasi zuen eta Koloniako etxean euskal liburutegia eta argazki artxibategia sortu zuen. Besteak beste Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Buletineko eta Euskara aldizkariko kolaboratzaile izan zen. Euskaltzaindiaren historia alemanera itzuli zuen, baina bere lan nagusia urtetan zehar euskal kulturaren bultzatzaile izatea izan da bere jaioterrian, Alemanian.
José María Jimeno Jurio (Artajona 1927). (1999ko argizaiola)
Lehen Hezkuntzako irakasle izan da eta apaiza izan zen arren, sekularizatu ostean, 1970etik Iruñeko san Pedro liburutegia zuzendu zuen 1985a bitartean. Orduan ekin zion Iruñerriako toponimia batzeko lanari eta 1991n Nafarroara zabaldu zuen lana. Hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu euskararen historiaren gainean eta Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako lehendakari orde ohia da bai eta Euskaltzaindiko akademikoa eta Ateneo nafarraren bazkide sortzailea. Sabino Araba Fundazioaren saria ere jaso zuen bere bizitzan egindako lanari esker.
Juan Jose Agirre (Alegia, 1930). (1998ko argizaiola)
Bibliotekonomia ikasketak 1973an amaitu zituen Bartzelonan eta Lazkaoko beneditarren komentura itzuli zen frankismo sasoian egin ziren euskal argitalpen klandestinoen bilketa egiten hasteko.
Bittor Kapanaga (Otxandio, 1925). (1997ko argizaiola)
Euskal kontzientzia hamahiru urterekin eskuratuta, Eibarrera joan zen industria-maisu ikasketak egitera, eta, bertan zela, 1952 inguruan, Eibarko gerraosteko euskal mugimendua sortu zuen beste zenbait euskaltzalerekin batera. 1953an Euzko Gogoa aldizkarian idazten hasi zen, eta, gero, Zeruko Argian eta beste hainbat argitalpenetan. Hizkuntzaz gainera, euskal mitologia eta beste zenbait gai landu ditu Euzko Gogoan, Zeruko Argian eta Egunkarian argitaratutako artikuluetan. Etimologian egin duen ekarpen nagusia Euskera erro eta gara (1978) liburuan plazaratu zuen, 210 orrialdetan euskarak hiru egitura dituela argudiatuz.
Antonio Zavala Etxebarria (Tolosa, 1928). (1996ko argizaiola)
Herri literaturaren klasikoak jasotzeko Auspoa bilduma sortu zuen. Bildumaren lehenengo lana Pepe Artolak idatzitako Sagardoaren Graziya izan zen. Harrezkero 200 lanetik gora argitaratu dira bilduma horren barruan, batez ere bertsolarien eta bertsogintzaren inguruko lanak. Horien artean aipatzekoak dira Txirrita, Pello Errota, Xenpelar, Udarregi, Mattin, Uztapide, Xalbador eta Fernando Amezketarra. Horrez gainera jendearen oroimenean gordeta egon diren bestelako antzezlan, bertso eta bestelakoak batzeko ahalegina egin du urtetan zehar. 1964a ezkero Euskaltzaindiko kidea da.
Koldo Larrañaga, Benito Ansola, Pio Caro Baroja, Fernando Larrukert, Nestor Basterretxea, Euskadiko Filmoteka. (1995eko argizaiola)
Euskadiko Filmategiak eta euskal zinemako hainbat aitzindarik jaso zuten urte honetan omenaldia. Euskadiko Filmategia 1978. urtean sortu zen eta lau dira bere eginbehar nagusiak: ikerketa, berreskuratzea, artxibo lana eta kontserbazioa. Nagusiki euskal zinemari buruzko edozein material jasotzen du edota Euskal Herriari buruzko edozein.
Koldo Larrañagak euskal zinemari buruz ikerketa eta lan asko egindakoa da. Enrique Calvorekin batera, Lo vasco en el cine liburua argitaratu du.
Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert. 1968. urtean Ama Lur filma egin eta estreinatu zuten. Euskarazko berbak lehenengoz filmatu ziren. Bi urtez zentsuratu zuten filma eta 26. Donostiako Zinemaldia estreinatu zuten. Euskal kultura eta ohituren gaineko filma da.
Benito Ansola, euskal zinemagintzaren bultzatzailea izan da. Markinako Lanbide Eskolan zinemagintza irakasle ibili da. 1978. urtean, Lekeitioko Zinema eta Bideo Bilera sortu zuen.
Pio Caro Barojak 1958 eta 1982 urte bitarteetan 38 dokumental egin zituen. 1964. urtean Julio Pio Baroja bere anaia antropologoarekin batera, Carnaval de Lanz filma egin zuen. Gipuzkoako ohituren gaineko dokumentala ere egin zuen besteak beste.
Eusko Ikaskuntza / Euskaltzaindia. (19944ko argizaiola)
Eusko Ikaskuntzaren sorrera 1918. urtean kokatu genezake, urte horretan Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren emaitza gisa. Arturo Campion izan zen ohorezko lehendakaria eta Julian Elorza lehendakari eragilea. Hasiera haietan, Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia abiarazi zuen, geroko ikastolen oinarri teorikoak ezarri zituen eta euskarazko lehen eskola liburuak eginarazi zituen.
Eusko Pizkundearen barnean (1876-1936) eta testuinguru jakin batean (Oñatiko Eusko Ikasketen Batzarreko egunetan) sortu zen Euskaltzaindia, hau da, euskara goreneko kultur baliotzat harturik berori babestu eta sustatu nahi zen unean. Euskararen lurralde osoa dauka bere barrutitzat Euskaltzaindiak, Bilbon du bere egoitza nagusia, eta Baiona, Donostia, Iruñea eta Gasteizen ordezkaritzak ditu.
Bernardo Estornes Lasa (Izaba 1907 - Donostia 1999). (1993ko argizaiola)
Idazle, argitaldari, historialari eta ohorezko euskaltzaina izandakoa. Euskal Herriko historia, kultura, etnografia eta hizkuntzari buruzko ekarpen zabala utzi du idatzi dituen 83 liburuetan. Berak bultzatutako proiektu nagusienetako bat Euskal Herriko Entziklopedia Orokorra izan zen. Horrez gain, Auñamendi bilduma ere sortu zuen.
Jon Bilbao (1914-1994). (1992ko argizaiola)
Diasporaren semea da Jon Bilbao. 1942.urtean, Jose Antonio Agirrerekin batera eta Columbiako Unibertsitateak aginduta, Euskal Historiaren idazkuntzan egin zuen lan. Joxe Miel Barandiaranekin ere egin zuen lan.Garai horretan, Eusko Ikaskuntza aldizkariko idazkaria izan zen. 1968.urtean, Nevadan, Renoko Unibertsitatean zegoela, Basque Studes Program deritzona sortu eta zuzendu zuen. Jubilatuta ere lanean jarraitu zuen, bi erakunde sortuz: Euskal Ikasketen Institutu Bibliografikoa eta Harriluze.
