ETA kanpora. Horixe da gaurko egunkari guztiek azalera ekarri duten argazki nagusia. Gaurko egunez, Durangoko Azokaren ateen irekitzea izaten da egunkarietan argazki nagusi. Bestelako gertaerek, ordea, berriz ere agenda aldarazi dute, guztion agenda. Erakundeak ez digula agendarik markatu, baina ezinezkoa da gertaera hain lazgarrien aurrean.
Atzo bertan, Azpeitiko manifestazioaren aurretik, Durangoko Elkartegian Eneko Olasagastik azokaren irekiera berbaldia egin aurretik, Bizkaiko Kultura diputatu Josune Ariztondok egin zituen berbak ere Inaxio Uriaren erailketa salatzeko izan ziren.
Durangoko Azoka aldarrikapen testuinguruan sortu zen bere egunean eta urtero, Espainiako konstituzioaren zubian egiten den azokaren bueltan, hainbat eta hainbat herri mugimendu eta bestelako taldeek eurek aldarrikapenak egiteko aprobetxatzen dute. Gaur esaterako, konstituzioaren kontrako manifestazioa egingo da Durangon eta bihar, zapatua, AHTren kontrakoa.
Bihar eta etzi ere izango dira Azokako ohiko argazkiekin batera bestelako aldarrikapen argazkiak ere.
