Durangoko Azokaren bueltan antolatzen diren bestelako ekitaldien artean, gaur goizean Psikoblok, ur sakonetako bakardadea" dokumentala eskaini dute Elkartegian. Sorpresa hartu dut hainbeste gazte ikusita han; baina proiekzioaren amaieran ulertu du: eskaladak gurea duen jarraitzaleak mordoa dira eta Durangaldean zaletasun horrek klub garrantzitsua dauka; gaur behintzat mordoska elkartu dira Patxi Usobiagaren eta Irati Andaren eskalada zaletasunak bultzatuta psikoblocaz gozatzera.
Patxi Usobiaga eta Irati Anda euskal eskalatzaileen "heroiak" izan dira Durangoko azokan. Euren zaletasun, ofizio eta "bizi-nahiak" bultzatuta psikobloka egiten aritu zireneko esperientzia erakutsi dute azoka ondoko eraikinean, eskualdeko eta inguruetako eskalatzaile zale amorratu koadrila ikaragarri baten aurrean. Mallorkan izan ziren itsaslabarrak soka barik igotzen. Horixe ei da psicobloka, eta egia aitortu behar badut "apur bat zoro" egon beharra dago, horrelakoetara ausartzeko. Iratik berak erakutsi duten dokumentalean aitortzen zuen "beldurra" sentitu zuela, "itsasoaren handitasuna ikusita, ni neu oso txiki ikusen nintzelako" eta "harkaitzean gora olatuek harkaitzaren kontra jotzen dutenean sortzen duten hotsak entzuteak ere ez du lasaitzen laguntzen". Hala ere, biak baikor: "kirol berria dela oraindik eta jendea oraintxe hasi dela deskubritzen eta oraindik asko dagoela igotzeko" adierazi du Patxik. Ziur naiz Elkartegian egon den koadrila bikainaren artean Euskal Herriko itsaslabarretan, akaso hurrengo udan-edo, psicoblokean arituko direnetako asko egon direla gaur. Aho zabalik egon dira euretako gehienak proiekzioari begira.
Jone Guenetxeak aurkeztu du saioa eta bere mutil-lagun David Maeztuk ekoiztutako proiekzioaren ostean aritu dira Irati eta Patxi publikoak, oraindik inpresionaturik, egin dituen galdera apurrak erantzuten. Hitz gutxi egin behar da eskalatzen eta hitz gutxi egin dituzte publikoko zaleek, baina txaloak amaieran ederrak izan dira. "Psicoblok, ur sakontako bakardadea" dokumentalak zale batzuk gehiago ditu gaurtik aurrera (beti ere eskalatzaileei burua ari naiz, jakina!).
