
Xulio Amigo Culturgal, Galiziako Kultura Azokako presidentea da. Durangoko Azokan izan dugu bisitan eta ikusitakoaz eta bisitaren helburuaz galdetuta, "azoka benetan osasuntsuarekin topatu dela" adierazi digu, eta Culturgal azokaren hastapenetan erreferentzia izan dutena beti.
Durangoko Azokara etorri zareten lehenengo aldia izan da, baina beste hainbat kultura azoka bisitatu izan dituzue. Ze inpresio jaso duzue ?
Egia esateko, Durangoko Azoka ireki zen egun berean itxi genuen gure azokaren 4. Aldia. Durangok ez digu kale egin. Bagenekien oso finkatutako azoka zena, publikoaren aldetik harrera handia izaten duena, baina bertatik bertara bizitzea benetan hunkigarria izan da, batez ere, nire kasuan, liburuen mundutik natorrela, liburuak hainbeste jende mobilizatzen duela ikustea, ikaragarria da.
Balioko dizuete, beraz, hain positibotzat jo duzuen bisita honek?
Gure azoka eredua Durangokoaren aldean apurtxo bat konplexuagoa da, hemen ez dauden hainbat sektorek ere lekua dutelako; literaturaz eta musikaz gainera, ikus-entzunezko sektoreak, arte eszenikoek eta teknologia berriek ere lekua dute Culturgal azokan. Hala ere, gure azokaren oinarrian Durangoko azoka egon da beti, baita gurearekin hasi aurretik ere. Izan ere, Culturgal gure editore xaharren ametsak errealitate bihurtu dira, nahiz eta batzuek ezin izan dute hori bizi izan. Durangoko Azoka beti izan dugu lagun.
Hortaz, nola definituko zenuke Durangoko Azoka?
Oso zaila da hori, baina asko-asko sinplifikatuta, behar den moduko disko eta liburu azoka bat da Durangokoa. Jai bat den azoka bat da, erakus-lekutik harago zabaltzen den jai-giroa duena eta jendeak badaki hona datorrenean oso ondo pasako duela.
Ezer erosteko astirik izan duzu?
Ezin izan diot gogorai eutsi eta bai, erosi dut. Liburuen mundutik nator eta horretan lan egiteko zortea daukat. Literatura eta musika erosi ditut, baina, zoritxarrez euskaraz irakurtzeko gai ez naizenez, gaztelerazko eskaintzatik aukeratu beharra izan dut. Irakurle guztiek badaukagu izaera ezaugarri bat: erosle konpultsiboak gara, batzuetan pilatu egiten bazaizkigu ere. Hala ere, liburuaren gozamena, azokako erakus-mahaian liburua aukeratzeko unetik hasten da

